Helduaroa zaurgarria? (3)

Zaintza eta kolaborazioa proiektu politikoan errotua

Aurreko idatzian bere indibidualtasunetik abiatua kolektiboari begira jartzen genuen gizakia; oraingo honetan, berriz, kolektiboa jarri nahi dugu pertsonei begira. Eta, gure kasuan, zaharroi begira.

Eta zaharroi begira diot ez egoismoz baizik eta kolektibo ugariena izatea erdietsiko delako laster, eta prestatua, osasuntsua, ekintzailea, kolaboratzailea; egitura politikoak ezin du bazter batera erretiratu zaharren taldea, bere mesedea eta laguntza pasiboa, soil-soilik, beharko balu bezala.

Noski zaurgarriak garela… denok. Gizakien maila ezberdinetakoek zaintza eta laguntza ezberdinen premia dugu. Zaharron eremuan adi izaten gara gure seme-alaben eta biloben beharraz. Gure laguntza behar izaten dute. Zaharrok ere bai gure bizitzaren une batean, zaintzen beharra dugu.

Baina etxeko eremu pribatu horretatik at, gaitasuna dugu beste sektoreen, kolektiboaren, beharrak somatzeko eta, bizi onaren izenean, prest gaude laguntzeko. Eta alderdi hau askoz errazago betetzen da kolektiboaren egituretatik, ahalegin indibidualetik baino.

Zahar asko antolatuak gara elkarteetan, askotan elkarte bakoitza bere aldetik lan eginez, antzekoak diren helburuak dibertsifikatuz, ez bada elkarrekin lehian.

Hiritar indibidualak ez gara autosufizienteak, eta taldean jokatuz eta elkarrekin arituz bakarrik lortuko dugu bizi ona, bizitza betea, balore kolektiboak bultzatuz. Eta zein da antolaketa kolektiboa bultzatu eta indartu dezakeen erakundea? Eta zein erakundek dute hiritarrak bildu, baliabideak jarri, eta besteei begira ahalmen nagusia? Zalantzarik ez, erakunde politikoek, gure kasuan Eusko Jaurlaritzak eta lurraldeetako-hirietako erakundeek.

Beraz, bizitza beteak, bizi onaren balioek, izan behar dute egitura politikoaren iparra, elkarteen eta pertsonen indar indibiduala ere norabide horretan jarririk. Eta hiritarren ekinez lortu beharko da erakunde politikoek horretara jartzea gure kolaborazioa eskainiz eta egituratuz.

Esanda dago, zaharrok laster izango gara gure gizartearen %30a. Eta gehienek gizartean ekiteko gaitasunez. Baina indar horiek egituratuko, elkartuko, antolatuko eta baliabidez hornituko duena gobernua izango da; gure kasuan Eusko Jaurlaritza.

Gizakiak bere bizitza bakarka eta era autosufizientean antolatzen badu, ez da besteak zaintzea behartuko duen erakunderik. Zainduta izatea eskubidea bada, bereiztu behar da pertsonen “borondate on” alorretik. Ez da gupidaz eta solidaritate hutsez, era mesedegarrian egituratu daitekeen eskubidea. Zaurgarritasuna eta zaintzen beharra definitzen du gizadia eta zaintza hori eskatu daitekeen eskubidetzat bereganatu behar du egitura politikoak, hiritarrekin konpartituz.

Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Sozialen sailean egituratu da berriki Euskadiko Adinekoen Batzordea (EAB), adinekoen eskubideak eta betebeharrak argitzen eta bideratzen laguntzeko erakundea. Interesgarria eta ongi etorria. Bizitza ona, bizitza betea adinekoei gerturatzeko asmoz. Eta ardura politikoak eta sozialak dituztenen ahaleginak konpartitzeko eta biltzeko helburuz. Egitura politikoaren eta sozialaren bultzadak elkartuz.

Eskertzekoa da egungo Gobernuaren ordezkariek bide berri hori irekitzea eta indartzen saiatzea. Baita adinekoen zenbait elkartek norabide berri hori zabaltzen ahalegintzea. Baina, ez zaigu iruditzen nahikoa luzarora begira. Eratua dagoen moduan, gal daiteke ahalegin hori gaurko arduradun gogotsuak eta adituak aldenduz gero; izan ere, ondo ezagutzen dugu egitura politikoak luzarora sufri ditzakeen ahulezia eta aldaketak.

Emakumeen eta gizonezkoen berdintasun eskubidearen adierazpen politikoa bermatua izan arren, beharrezkoa ikusi zen Emakumearen Euskal Institutua sortzea; horrek eman zion abiada eskubide hori sozializatu eta gu guztion erraietan murgiltzera. Bat-batean ez bada ere, Adinkide antzeko Institutua sortzeak sakonagoa bihurtuko luke zahartzaroaren ikuspegi soziala eta iraunkorragoa egitura politikoaren eta sektoreko elkarteen eta hiritarren arteko lotura eta kolaborazioa. Hala izan bedi!

Santos Sarasola Celaya
Santos Sarasola Celaya-ren azken mezuak! (dena ikusi)
Compartir:
«

Utzi iruzkin bat