Helduaroa zaurgarria? (2)

Beldurrez ito gaituzte, era guztietako beldurrez, denak oso handiak, ikaragarriak, saihetsi ezinak; sentipen hori da zaurgarritasun nagusia. Ondorioz, bizi dezagun uda denak emanda, neurriz kanpo, gero-gerokoak, iritsiko da udazken kontrola ezina, mundu bera bezala. Horrela gabiltzan bitartean, ez gara deprimitzen. Ez du konponbide horrek denentzat balio; egoera larritasun bereziz bizi dira asko.

Beraz, munduaren eta, gertuan, gure gizartearen  ataka gaizto honetan bi aukera ditugu, soil-soilik: gizadiak hartutako bidetik jarraitzea desagertze bidean. Aukera honetan biloben belaunaldiaren etorkizunezko kezka sortzen zaigu zaharrei, beraiek baitira zaurgarrienak.

Egun denak pentsatu beharko genuke nola ekidin suizidio kolektiboa eta zein den irauli beharreko jokabidea. Zeharo utopikoa, baino bide bakarra eta gizabanako bakoitza horretan mentalizatu beharrekoa.

Denok amesten dugu ongitasuna, ongi izatea; bakoitzak bere erara ulertzen du ongizatea, baina, giza-beharrak asetzeaz gain, diru ugariarekin lotzen da, indibidualki ahal den gehiena edukiz. Hori da gure giroko liberalismoaren helburua. Horrek urruntzen gaitu ongitasun kolektibotik, gero eta zabalagoa izanik beharrez bizi diren gizon-emakumeak eta haurrak. Ba al dugu soluziorik?

“Bizi onaren”,“ bizitza betearen” eremua zabaltzetik ondorioztatuko da egiazko ongizatea, saio pertsonalez ekinez baina kolektiboari begira. Alperrik da, bizi onak ahalegin pertsonala eskatzen du baina besteei irekia, begirada indibidualaren ordez, burua altxa eta besteei begira jartzea. Bizi onaren erronka beraz, bizitzaren bi alde horiek zainduz bakarrik garatuko dugu. Zaintza da bizi onaren giltza.

  1. Nor bere burua zaintzea. Ezin du begirada soziala luzatu bere barnean gaizki sentitzen denak; gaitasunez hornitu behar dugu gure burua, osasuntsu jarraitu eta gizarteari begira jartzeko. Eta bizi onak, bizitza beteak, geure bizitzari zentzua eman arte, esparru zabal honetan kokatzen da.
  2. Baina bizi onaren errealitatea kritikoa da gizartean zabaltzen diren baloreen sistemarekin. Eta lehenengoa, oinarrizko beharretatik gain – gaurko gizartean, oinarrizko beharrak zeintzuk diren era zabalean definituz – baliabideak eta aberastasunak mugarik gabe metatzea, bizitza betearen eta zoriontsuaren helburuz, besteen beharrak kontuan hartu gabe.

Zorionez, badira besteen alde lan egiteko gai direnak, diru-trukerik eskatu gabe. Badira ere diru-soberakinak besteak laguntzeko erabiltzen dakitenak. Eta gauza materialen mende izan ordez barne-askatasuna lehenesten dutenak.

Bizi ona: gutxiagorekin bizi, hobeto bizitzeko gu geu eta , batez ere, zaharron ondorengoak. Horrek ez du eskatzen gutxiago haztea baizik eta beste era batera haztea: Guztien ongia, oinarrizko beharrak guztiek ase ahal izatea, ekologismoa, feminismoa, munduaren ikuspegi unitarioa eskubideen aldetik… balore hauek indartzea izango litzateke bizi onaren norabidea.

Ondorengo kontraesaneko hautabidean, bigarren aukeraren aldera jotzea erakusten digu gizartearen norabideak: “Kooperazioaren ordez lehia, altruismoaren ordez egoismoa, lekukoaren ordez globala, harremanezkoaren ordez materiala, konpartitzearen ordez edukitzea, urritasunaren ordez luxua, guztienaren ordez pribatua. Eta erantsi genezake kritika moduan giza-gutizia liberatu dela kontrol moral eta sozial guztietatik” Joan Carrera.

Gure kontzepzioan ongizateak gehiago dauka bigarren joeratik; Bizi onaren definizio-printzipioak, berriz, hautabide horren lehen aukeretatik abiatzen da.

Bistan da utopikoa dela bizi onaren bidea jarraitzea, baina gizatiarragoa eta, batez ere, derrigorrezkoa gizadiak irautea nahi badugu. Ez dugu ahaztu behar ekintza txikiak ugaritzen direnean aldaketa handiak gerta daitezkeela. Eta zaharrok badugu zer-esana.

Santos Sarasola Celaya
Santos Sarasola Celaya-ren azken mezuak! (dena ikusi)
Compartir:
«

Utzi iruzkin bat