@HelduakAdi-ren komunikazio-ekimen berria

Erretiroa hartu ondoreneko ´bizitza betea`, adinekoen presentzia hedabideetan, edadismoaren kezka, pentsio publikoen etorkizuna, erresidentzietako harreta eredu berriak, bakardadea, formakuntza, digitalizaziparen arrakala… Gai asko dira @HelduakAdi elkartearen inguruan gabilzanok geure arteko hizpide izan ohi ditugunak. Geure arteko batzar eta topaketetan, WhatsAp-peko mezularitzan, elkarri banatzen dizkiogun posta elektronikoetan eta elkar ikusten dugun aldiro, maiz agertzen diren gaiak dira.

 

Orain urrats berria egitea erabaki dugu eta erronka berri honi aurre egiten ausartu gara. Alegia, gure arteko kezka-, ausnarketa-, eztabaida- eta berriketa-gaiak @HelduakAdi-ren web-gune honetan modu ageriagoan jartzea erabaki dugu. Hau da, ahalik eta modurik xume, erkargarri, apal eta partekagarrienean, hizpide ditugun gai horiei buruz idaztea eta blog honetan argiratatzea.

 

Ekimenak, besteak beste, elkarren osagarri diren bi helburok bete nahi lituzke: batetik, @HelduakAdi elkarteak, biziaro honetako ´bizitza beteaz¨ duen ikuspegi berritzailea zabaldu eta ezagutaraztea; bestetik, idatziok irakurtzera hurbildu eta animatu zaren horri, zure iritzia edo ikusmoldea ere azaltzeko aukera ematea. Bertsotan egin ohi den bezala, puntua geuk jarriko dugu – izen-deituraz sinatuko ditugun idatziotan – , baina, jarraipedea, zuk zeuk eman diezaiokezu, ongi baderitzozu.

 

@HelduakAdi-ren ekimen positibo bat gehiago. Gizon-emakumeon arteko komunikazioan, erakunde eta elkarteen arteko komunikazioan eta, orohar, gizarte-komunikazioan, ideiak, proposamenak, sentipenak, kezkak, lorpenak elkarri adierazteak norberaren oroimen autobiografikoa aberastea ez ezik, osatzen dugun gizartearen oroimen kolektiboa aberastea dakarrelako.

 

Aldiro berrituko diren idatzion albistea jasotzeko bi modu daude. Bata, tarteka-marteka, web-gune hau bisitatzeko ohitura hartzea [https://www.helduakadi.eus/eu/]; bestea, @HelduakAdi Twitter kontuaren jarraitzaile egitea. Hor arituko gara txioka, idatzi berri bat argitaratzen dugun bakoitzean.

Compartir:
«
Julian Beloki Guerra-ren azken mezuak! (dena ikusi)

Utzi iruzkin bat