Helduak Adi!ren XIII. Uda Ikastaroa. LABURPENA

Hona hemen Elisabet Arrietak egindako laburpena

EGUNGO ERRONKA GLOBALEN AGERTOKIA: EAEko testuinguru politikoaren eta lurralde-testuinguruaren mailak. Adinekoen ahalduntzea. 2023ko Ekainak 19, 20 eta 21

“Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren adin-egituraren bilakaera, 1975etik”. Martín González Hernández. EUSTAT – Estatistika demografikoen koordinatzailea. Eta Elena Goñi Rementeria. EUSTAT – Estatistika Soziodemografikoen Arloko arduraduna.

Gure errealitatearen erretratua eskaini da datu estatistikoetan oinarrituta.

Une honetan, Euskadik 2.160.000 biztanle ditu, 2022ko erroldaren arabera.

– Araba da 1976-2022 aldian biztanle gehien irabazi dituen LH (%40), eta gaur egun EAEko biztanleriaren seirena da.

– Gipuzkoako hazkundea %5,5ean mantentzen da. Gaur egun Euskadin dagoen biztanleriaren hazkundearen batez bestekoa ere %5,5ekoa da.

– Bizkaian berriz, biztanleria pixkanaka jaisten ari da 1976tik.

Biztanleriaren saldo naturala (saldo begetatiboa = jaiotakoen kopurua ken hildakoena) beheranzkoa da argi eta garbi 1976tik.

Baina aurrekoari gehitu behar zaio migrazio-saldoa (etorkin-kopurua – emigratzaile-kopurua) (bi gailur 2006-2007 eta 2018-2019 urteetan). Positiboa den saldo horrek, EAEko biztanleen guztizko kopurua gaur egun txikiagoa izan ez dadin laguntzen du. 2000. urteaz geroztik atzerritar kopuruak gora egin duen arren, 2020an, saldo naturala eta migrazio-saldoa oso antzekoak dira.

Adin-taldeei dagokienez, aztertzen ari garen aldian argi eta garbi murriztu da 0-19 urte tarteko pertsonen kopurua, eta nabarmen igo da 65 urtetik gorakoen adin-taldea, batez ere laurogei urtetik gorako biztanleriarena (% 4 baino gehiago).

Nabarmena da piramide demografikoaren inbertsioa. Jaiotzak jaitsi egin dira, eta biziraupena luzatzearekin batera, emakumeen proportzioak gora egin du goi aldeko adin-tartean.

Zahartze-indizeari dagokionez (65 urtetik gorako pertsonen kopurua 0-15 urtekoen tartearekiko):

  • Europan, zahartze-indizea 144 adineko 100 umekiko da (2022an); eta indize hori 25ekoa zen 1976an.
  • EAEn 160/100
  • Portugal eta Italia dira Europako herrialde zaharrenak, 180/100eko tasarekin.
  • Alemania eta Frantzia berriz 110/100eko indizea dute, “gazteenak”, alegia.

Gure errealitate demografikoaren beste ezaugarri bat jaiotza-tasaren beherakada da: 1976tik 1996ra jaiotza-tasa % 66 jaitsi zen baina 2005 eta 2014 urteen artean gorakada izan zuen.

2022ko jaiotza-tasak:

  • EAE 6,2/1000 (Europako batezbestekoa baino txikiagoa)
  • EB 9,1/1000
  • Italia EAE baino altuagoa
  • Frantzia 11/1000
  • Alemania 9,8/1000

Ugalkortasun-indize sintetikoa: jaiotako haurren kopurua emakume bakoitzeko. Birjarpen-indizea (belaunaldien arteko erreleboa bermatzen duena) emakumeko 2,1 umetakoa dela jotzen da. Indize hauetarako, 15-49 urte arteko emakumeak hartzen dira aintzat.

  • 1976an 2,8 seme-alaba emakumeko.
  • 1994an emakumeko seme-alaba 1 baino gutxiago (errekorra).

2021eko datuen arabera:

  • EAE 1,3 seme-alaba emakumeko
  • Europako batez bestekoa 1,5 seme-alaba/emakumeko da
  • Alemania 1,6 seme-alaba/emakumeko
  • Frantzia 1,8 seme-alaba/emakumeko
  • Espainia 1,2 seme-alaba/emakumeko
  • Suedia 1,7 seme-alaba/emakumeko

Beraz, argi eta garbi ikusten da seme-alaba gutxiago izaten direla. Seme-alaba bakarra duten emakumeen ehunekoa % 39tik % 50era igaro da. Gaur egun jaiotzen direnen erdiak seme-alaba bakarrak dira eta gehienak 35-39 urte bitarteko amak dituzte.

Seme-alabarik gabeko emakumeen kopuruak gora egin du, eta, gainera, seme-alabak dituztenak ere, gutxiago dituzte. Bestalde amatasunaren adina nabarmen atzeratu da aurreko hamarkadekin alderatuta.

Beste datu demografiko garrantzitsu bat hilkortasuna da: funtsean, haurren eta gazteen heriotza-tasa desagertu da; eta, gaur egun, adineko biztanleriara mugatzen da datu hori. Hori bizitzaren itxaropena areagotzearekin lotuta dago, hau da, bizitzan dugun iraganbidea luzatzearekin.

Datu berritzaile gisa, gizonen bizi-itxaropena hobetzen ari dela nabarmentzen da, baita Europan ere.

2020-2061 proiekzioak: 0-19 urte tarteko biztanleriari eutsiko zaio; 65 urtetik gorako biztanleriak gora egingo du; eta azken horien artean, laurogei urtetik gorakoen tasak gora egiten jarraituko du. Hala ere, azpimarratu behar da azken bi kasuetan mantentzeko joera dutela: ez dute igotzen jarraituko eta hurrengo belaunaldietan adinekoen presentzia txikiagoa izango da.

 

Munduko lidergoak lehian: egungo tentsioen inguruko hausnarketak. Mikel Reparaz. Kazetaria eta idazlea.

Kazetaritzatik egindako hausnarketak, lehen zirriborro bat aurkezten da non gauden ikusteko, baina ez dakigu nora goazen.

Macronen iritziz, oparotasunaren amaiera egitate bat da.

Europa

Gaur egun, oreka zaila dago Europaren, Errusiaren eta AEBren artean: erronka bizi-bizia. Europar batasunaren lehen urteak ilusioz beteak izan ziren, asmo handi batekin: Euro proiektua. Asko espero zen harengandik, baino Maastricheko eta Erromako itunen ondoren, Lisboakoak espektatibak murriztera zuzendu gintuen. Une honetan, Europaren nazioarteko presentzia beste garai batekoa baino txikiagoa da. Bidesari nabarmenak izan dira: 2008ko krisia ez da dohainik izan, ezta brexit-a ere. Europa AEBen eta Txina eta Errusiaren artean kokatua dago. Europaren diskurtsoak bakearekin, demokraziarekin, ongizatearekin, justiziarekin, segurtasunarekin, barne-merkatuarekin, hazkundearekin eta klima-aldaketaren aurkako borrokarekin du zerikusia. Europako itsasontzia zartatuta dago, eta diskurtso teorikoak lehentasunak berrantolatu behar izan ditu: Ukrainako gerrak nahi ez dugun tokira ez eramatea, ekonomiaren kolapsoa saihestea, energia merkeagoa lortzea, teknologia esanguratsua garatzea eta kanpoko mugak ixtea. Kontinentea gastu militarraren hazkundea planteatzen ari da (Poloniak eta Baltikoko Herrialdeak, defentsarako BPGren %4).

Rusia

Europara begiratzeari utzi eta ekialdera begira jarri da. Boris Yelsinek 90eko hamarkadan Europarengana hurbiltzeko egindako akordioa, 2012an desagertu egin zen, Putinek nazionalismoranzko hartutako norabide argiarekin batera. 2023ko martxoaren 31n, Errusiak kanpo politikaren kontzeptu berri bat aurkezten du: Mundu multipolar baten aldeko apustua; Errusiar Federazioa potentzia bat da; NBE eta nazioarteko legeak indartzea; BRICS (Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika), Shanghaiko lankidetza foroak, CEI; munduan balio espiritual eta moral tradizionalak sustatzea (kanpo-barne aldeko politiken arteko kontraesana…). Zehazki, bere eragin eremua defendatu, Europarekiko merkataritza menpekotasuna murriztu, Asia-Pazifikoko merkatura ireki eta bizitzen ari diren zigorrak indargabetu nahi ditu. Errusiak petrolioa prezio berean ekoizten eta esportatzen jarraitzen du, baina orain Txinak eta Indiak erosten diote lehen Europak erosten zion % 55: ez du benetako negozio-galerarik.

Europak petrolio hornitzaileak aldatu behar izan ditu: Norvegia, Saudi Arabia, Angola eta Qatar. Gainera, Europa gas amerikarra erosten ari da, oso garesti, gure kontinentean debekatuta dagoen erauzketa-metodoa -frackinga- erabiliz ateratakoa.

Turkia

Egungo panorama globalaren onuradun handietakoa da, eta oso karta onak ditu jokatzeko: bai Europarekin (emigrazioa), bai AEBrekin (munduko bigarren armada handiena du, amerikarren ondorengoa) eta Errusiarekin (Turkian egiten diren dron Bayraktarrak Errusiako armadaren kontra jarri dituzte Ukraniako gerran). Garapen bidean ari den protagonista, beraz, Erdogan.

AEB

Ukrainako gerrarako zergadun handiena, alde handiarekin. Baina bere hegemonia arriskuan dagoelako egiten du, nahiz eta bere kezka nagusia Txina izan. Trumpen garaian, NATOk heriotza arriskuan zirudien arren, Kremlinen aurkako defentsaren inguruan atzera berrantolatu da. AEBk asko sufritu du pandemiarekin, izan ere, zuzenean COVIDaren ondorioz hildako milioi bat lagun baino gehiago izateaz gain, AEBko osasun-sistema osoa tinka larrian jarri du, izan dituen zailtasun guztiekin. 14 bilioi dolarretako galera aipatu da, pandemia bitartean eta pandemia osteko garaiaren artean. AEBen gainbeheraren beste arrazoietako bat Kabuletik erretiratzea izan da, estatubatuarrentzat umiliazioa izan zena. 2024an, AEBko hauteskundeak izango dira, giltzarri izango direnak, eta bi ereduri egin beharko diete aurre: liberalei eta trumpismoari, jada ez da errepublikanoez hitz egiten.

Munduko ekonomiak (urteko BPG eta kanpo-zorra): AEBk munduko lehen ekonomia izaten jarraitzen duen arren, kanpo-zor handia du. Ondoren, Txina dago. Hirugarren, Eurogunea. Japoniak jarraitzen dio, jasanezina den BPGa baino 2,5 aldiz handiagoa den kanpo-zorrarekin. Egungo bosgarren potentzia ekonomikoa India da, askoz zor txikiagoarekin.

Txina

Gaur egungo munduko erradiografiaren erreferente handia da. Ez du beste herrialde batzuetako barne arazoetan eraginik izan. Txinak ere multipolaritatearen ideia defendatzen du. Armada indartsua du, garatzen ari dena, baita nagusitasun teknologikoa ere. Txinak zetaren ibilbide berriarekin egin duen apustu estrategikoaz hitz egiten da.

India

Gaur egun munduko herrialderik jendetsuena da. Bere barne-arazoak ditu, besteak beste, ekonomiaren garapena. Oso kritikoa da mendebaldeko mendetasunarekin, AEBekin, baita Errusiarekin ere. Bere unearen zain dago.

Afrika

Kontinente gaztea, biztanleria handia duena: 1400 milioi lagun eta hazten. Reparazek Hegoafrikako presidenteak Putin eta Zelenskiri egindako bisita nabarmendu du, bakea asko interesatzen zaiolako: Afrika, Ukrainatik eta Errusiatik inportatzen den zerealaren mende dago. Afrikako adarrak, herrialde horietatik iristen den zerealaren inportazioaren % 90era arteko mendekotasuna dauka. Gosetea gaur egungo errealitate gordina da herrialde horietan.

Brasil

Lula: politikari zahar berria. BRICSei Argentina, Saudi Arabia eta Nigeria gehitu nahi zaizkie. Nazioarteko ordainketa jakin batzuk tokiko monetan egiten saiatzen ari ditira, dolar amerikarraren menpekotasunetik urrunduz. Horrek inflazio arazo larriak eragin ditzake AEBn.

Ondorioa: Ez dakigu nora goazen. Europa kinka larrian dagoen zamaontzi handi bat da, Txina hegazkin-ontzi handi bat da, inauguratu berria. AEB defentsiban dagoen ontzi-suntsitzaile bat da, motor indartsuarekin, baina Txinako hegazkin-ontzi berriari aurre egin beharrean dagoena. Errusia talka egin dezakeen petrolio-ontzi zahar bat da, eta India, lasai nabigatzen duen itsas bidaia-ontzi handi bat.

 

“Gizartea zahartzarora egokitzeko neurriak: gobernantza-eredu berria”. Mayte Sancho Castiello. Zahartzean eta Gizarte Babesean aditua. Gerontologoa

Zein da gure abiapuntua: zahartzen ari diren pertsonen lehentasunak, 65 urtetik gorako biztanleriaren heterogeneotasuna, belaunaldien arteko homogeneotasuna, bizi-ibilbidearen jarraitutasuna, kolektiboaren autodeterminazioa, bizi-baldintza onenak, eraldaketa-prozesuetan dauden taldeak.

Gizartea egokitzeko gakoak: pertsona bakarreko etxeen ugaritzea, pertsonek beren inguruan egoteko nahia, etxebizitza hobeak, adinekoen gizarte- eta hezkuntza-maila handitzea, zahartzaroaren maskulinizatzea, bikoteen iraupenaren luzapena eta adineko, oso adineko, oso hauskor baina mendekoak ez diren pertsonen kopurua handitzea. Kolektibo oso garrantzitsua, kopuruari eta jarduketei dagokienez.

Aldaketa kultural nagusia bizitza osasungarri, betea eta independentearen luzapena da. Bakardade potentzialaren hazkundea, berez negatiboa ez izan arren, garrantzitsua izan daitekeena. Sarearen, KOMUNITATEAREN eta gizarte-harremanen garrantzia. Bizitza autonomoa izateko borondate sutsua, gizarte inklusibo baten eskakizuna. Osasunaren zaintzaren lehentasuna, prebentzioa. Hiriak pertsona guztientzat eraikitzeko kontzientzia, baita adinekoentzat ere. Berdeguneak, irisgarritasuna, garraio lagunkoia.

Dilemak eta ezbeharrak: adinkeriaren gaixotasun soziala, belaunaldien arteko borroka potentziala, “silver economy” delakoa ulertzea. Komunitatea eta auzotarrak. Zailtasunak gainditzea, baita finantzarioak ere. Zahartzearen zeharkako ikuspegia eta gobernantza parte-hartzailearen ideia.

Nola eraiki behar ditugu biziraupen luzeagorako gizarteak: hiri-diseinuaren eragina, komunitate lagunkoiak eta zainketak. Diseinu unibertsala. Hiri eta herri berdeak. Zainketa-ekosistemak, lurralde-plangintza eta eguneroko bizitzarako espazio erabilgarrietan. Adibideak: Pescueza Extremaduran eta Superillas Bartzelonan.

Hiri-diseinuak biziraupen luzeagoko gizarteetan duen eragina: espazio irekietarako sarbidea bermatzea, bizilagunen ibilerraztasuna bermatzea, oztoporik gabe, isolamendutik ihes egitea eta gizarte-harremanak eta gizarte-bizitza sustatzea.

Ondorioa: Beharrezkoa da zaintza lagunkoiak garaiz antolatzea (beharra sortu aurretik), etxeko zerbitzuak irauli eta lehenestea, gure egoitza-eredutik atzera egiteko prozesuan aurrera egitea, pertsonengan oinarritutako ikuspegia garatzea, ikuspegi etikoa, pertsonen duintasuna defendatzen duena, erabakiak har ditzakegun gaietan parte-hartzea eta aktibismoa mantentzea.

 

“Gipuzkoako egoitzen egoera eta etorkizuneko egoitzarako trantsizioari buruzko konpromisoa”. Alejandro Gómez Vivas. Gipuzkoa Gizarte Zerbitzuak -GSSko gizarte-zerbitzuen aholkularia

Beste zainketa-modu baterako trantsizioa, baby boomaren errealitatera egokituz: kolektibo aldarrikatzaileagoa eta ez aurrekoak bezain konformista. Trantsizio hori iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko lotura gisa ulertu behar da, kate-eboluzio gisa. Oinarrizko hiru ideia: aldaketa Covid baino lehenagotik dator (nahiz eta pandemia katalizatzaile bat izan den), diziplina anitzeko ikuspegiaren beharra etorkizuneko paradigmak egituratzeko eta ekosistemarekiko lotura (ez gara isolatuta bizi).

Egungo zaharren egoitzak, etorkizunekoak, eta trantsizioaren kudeaketa. Egungo egoitzak iraganarekin lotuta daude eta etorkizunaren oinarria dira. Europa osoko egoitzak aztertuz gero, ikusten da ez dutela zerikusirik hegoaldekoak -familiaren presentzia nabarmena- iparraldekoekin –beste zerbitzu batzuk–. Per capita gastuak aipatu dira. Etxekoak, etxez kanpokoaren aldean, lehentasuna irabazi du. 80 urtetik gorako pertsonen % 82k baino gehiagok etxean jarraitu nahi dute: hori gure kulturaren parte da, gure idiosinkrasiaren parte. Orainaren dimentsio baldintzatzaileak honakoak dira: zainketa-eredua, ikuspegi sanitario eta psiko-sozialaren prebalentzia, titulartasun juridiko askotarikoa (publiko-pribatua), kontzepzio arkitektonikoa, idiosinkrasia kulturala eta finantzaketa. Gipuzkoan, egoiliarren % 92k laguntza publikoa dute, eta hori ez da gertatzen inguruko lurraldeetan. Hala ere, oraindik badago hobetzeko tartea. Finantzaketa-datuak, irismena, orduak, lan-egoera, soldatak: lurralde heterogeneoa gara eta arretarekiko interesa badugu.

Etorkizuna: interakzio multidimentsionala. Ezin zaio uko egin honako elementu hauek guztiak kontuan hartzeari: Koordinatuta eta lankidetzan jarduten diren espazio soziosanitarioak, administrazio publikoak beti parte hartzeko beharra, zaintza formalaren eta informalaren giza baliabideak, oinarrizko gizarte-zerbitzuak, gizarte-eragileak eta egoitza-zentroak.

Etorkizuneko paradigma eraikitzea: zein ardatz da nagusi? Palanka batzuk eskaini dira: pertsonalizazioa -pertsonek eskatzen dutena-, pertsona egoiliarraren eta zaintzailearen arteko interakzioa, harreman-ikuspegia. Arkitektura, lan-giroa, pribatutasuna eta antolaketa/kudeaketa. Paradigma berria definitzeko oinarrian 4 elementu: demografikoa, lankidetzakoak -beste agenteekin konektatutako nodoa-, parte-hartzaileak – erabiltzaileak – eta interaktiboak, ebaluaziokoak alde batera utzi gabe. Funtsezkoa da giza dimentsioa, enpatia, errespetua eta orohar, ukiezina dena ere, txertatzea. Harreman-faktorea, funtsezkoa harreman psikosozial horretan: egoitza “guztiarekin” konektatutako ente gisa. Ezinbestekoa da ikuskapen publikoa, kualitatiboa ere bai: gogobetetzea jasoko duena, familiekiko lotura izango duena.

Zuzendu beharreko arriskuak: iraganari balioa ez ematea, zientzia infusotik izandako bilakaerak, ikusmolde mugatuetatik ikuskatzea, heterogeneotasuna ez aintzat hartzea, kausak ez ezagutzea. Trantsizioaren kudeaketa: “Definitzen ez dena ezin da neurtu. Neurtzen ez dena ezin da hobetu. Hobetzen ez dena, beti degradatzen da”. Lord Kelvin. XIX-XX mendeak.

Ondorioa: H hirukoitzetik sei H-tara igarotzea: Hotelera, Hipocrática -osasuna-, Hogareña, Humana – harremana, elkarreragina -, Heurística – eredu desberdinak – eta Holística -ikuspegi desberdinak-. Azken batean, arreta zentzuz eskaintzea.

 

“Bizitzeko eta elkarrekin bizitzeko oinarrizko ikaskuntzak”. Juanjo Gómez Senande. Helduak Adi!

Pertsona kontzeptuaren bilakaeraren ibilbidea: hainbat une historikotan pertsonarekiko begirada desberdina izan da.

Elkarbizitzarako oinarrizko ikaskuntzak honako hauek dira:

  • Errespetua: elkarrizketa, enpatia, entzuten jakitea eta norberarekiko errespetua.
  • Justizia: Giza Eskubideak, berdintasuna, justizia eta kontzientzia.
  • Elkartasuna: Entrega, enpatia, kontzientzia sakona.
  • Askatasuna: Aukerak egitea, autonomia izatea, asertiboak izatea.
  • Ahalegina: Iraunkortasuna, pertseberantzia, erantzukizuna, pazientzia.
  • Autokontrola: norberak bere portaera, emozioak eta asertibitatea erregulatzea.
  • Autoestimua: norberaren balioespena, nork bere burua maitatzea, gure existentziaren motorra da.
  • Maitasuna: Ederrenetako eta zailenetako bat, urkoaren ongia interesik gabe bilatzea. Norbera hazten den bitartean besteari hazten laguntzea.

 

Adinekoek gizartea aldatzeko prozesuetan parte hartzearen garrantzia. Adinekoen Euskal Erakunde baterantz”. Santos Sarasola eta Juanma Barandiaran. Helduak Adi!

Benjamina: craneosinestosis gaixotasunarekin jaiotako neskatoa, duela 530.000 urte, 10 urtez bizi izan zen taldearen beraren elkartasunagatik: Elkartasun komunitarioaren lehen zantzuak, taldearen humanizazioarenak.

Adinekoen eta haien elkarteen errealitatera jaitsi behar dugu, haien egoera hobetzeko. Elkarte bakoitza geurearen jeloskorrak gara askotan, eta zaila egiten zaigu irekitzea, koordinatzea. Hala ere, aurrera egiteko, ezinbestekoa da hori egitea. Gobernantzaz, elkarteen dimentsio politikoaren beharraz eta askotariko eragileen arteko koordinazioaren garrantziaz hitz egin da: demokrazia parte-hartzaileaz.

Biziraupenaren luzapenaren iraultzak, desberdinak diren eskaerentzako konponbide desberdinak eskatzen ditu. Brasilgo Alexandre Kalache adituak dioenez, egungo konponbideak jasanezinak dira bizitzaren 30 urte berri horietarako.

Adinekoen etorkizuneko parte-hartze sozialaren profila aldatzen ari da, zeren eta: osasun hobea dugu, ikasketa gehiago, emakumeen parte-hartzea handiagoa da, mendekotasunaren arretaren alternatibak sustatzeko borondate handiagoa, eta rol sozialaren aldaketa, gizartearentzat baliagarriak izateko eta parte hartzeko ideiarekin.

Parte-hartze eraginkorrerako erronkak: belaunaldien arteko benetako itunaren beharra, feminismoa eta emakumeen parte-hartze soziala txertatzea, prestakuntza- eta berrikuntza-planak, sektorearen antolaketa soziala. Era berean, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeen planetan aktiboki parte hartzea, erakundeekin elkartzea. Adinekoen plataformak eta borroka-kontzientzia indartzea. Eta nola ez, klima-aldaketa aintzat hartzea.

Puntu kritikoak: zahartzaroaren feminizazioa, lehen mailako arretako zentroen banaketa, komunikazioaren eta informazioaren teknologia berrien (IKT) aplikazioa, egoitza-zentroen ordezko estrategia berriak eta ordainsariei buruzko gaiak.

Zahartze berriaz eta bizitza beteaz hitz egiten da, parte hartzerako esparru politikoaz. Ekintza kolektibo koordinatuaren beharra azpimarratzen da, adinekoen elkarteen arteko lankidetzaz; funtsezkoa da SAREA eratzea aurrera egiteko, betiere belaunaldien arteko begirada kontuan hartuta.

Eusko Jaurlaritzaren 2021-2024 aldirako Adinekoekiko Euskal Estrategiak zahartze aktiboaren, gizartearen parte-hartzearen eta bizitza betearen bultzada estrategikoa jasotzen du.

Euskadiko Adinekoen Batzordea (EAB) etorkizuneko Euskadiko Adinekoen Euskal Erakundearen enbrioi posible gisa hartzen da. Berriz ere gogorarazi da koordinazio sendoa behar dela. EAB etengabeko elkarrizketarako eta lanerako gunea da. EJren eskumen-eremuan adinekoentzako politikak diseinatzea, orientatzea, planifikatzea, jarraitzea eta ebaluatzea du helburu. Baita ekimen bateratuak bultzatzea ere. Baina nekez egingo dugu aurrera horretan, baldin eta ez bada bat egiten helburuetan. Kideen elkarlana eta hainbat proiektutarako dedikazioa ezinbestekoak dira.

Eusko Jaurlaritzak EABren esku uzten du estrategiaren jarraipen-batzordea eta adierazleak biltzea, baina, planteatuta dagoen bezala, ez da nahikoa, eta EABri beste egitura bat eman behar diogu, beste dinamika bat ezarriz.

Ondorioak: elkarlanean aritzeko, elkarrizketa eta sare-lana beharrezkoak dira, eskuzabaltasunez eta apaltasunez, helburu komunak identifikatuz eta bultzatuz.

 

“Adinekoek gizartearen aldaketa-prozesuetan parte hartzearen aldeko manifestua: Adinekoen Euskal Erakunde baten alde”. Antonio Campos Illarramendi. Helduak Adi! elkarteko presidentea

Kolektiboari, datu demografikoei, Euskadiko asoziazionismoari eta 2021-2024 aldirako Euskal Estrategiari buruzko hausnarketa. Zahartze aktibotik bizitza beteara igarotzeaz, autonomia pertsonala gordetzeaz, inguruneaz, parte-hartze soziokulturalaz eta konpromiso sozialaz hitz egin du.

Manifestuak erretratu bat, argumentario bat eta aldarrikapen bat egiten ditu.

 

“Adineko pertsonen euskal erakunde baten proposamenari buruzko eztabaida”

Santos Sarasolak EMAKUNDE sortzeko prozesua aurkeztu du, adinekoen institutuaren bultzadan inspiratzeko. 1984-88 urteen artean, profil oso desberdineko feministak elkartu ziren, egoeraren diagnostikotik abiatuta, proposamen zehatz batzuekin, koordinadora feminista bat izendatuz, diskurtso politikoago batekin, mintegi batekin, mundu mailako kongresu batekin -1988an Eusko Legebiltzarrean emakumeen lana berrabiarazi zuena-. Azkenean, Emakunde sortu zen 1988ko otsailaren 5ean.

Funtsezkoa da adineko pertsonek Institutuaren proiektua kolektiboki bereganatzea. Horretarako, ezinbestekoa da koordinazioa, lankidetza eta konpromisoa, instantzia politikoekin adostasun batera iristearekin batera.

Eztabaidan honako ideia/kontzeptu hauek sortu dira:

  • Adinekoak, azaleratzen ari den sektore gisa, erakunde gisa, askotariko kolektibo gisa.
  • Nola antolatu: nola iritsi proiektuaren jabekuntza kolektibora?
  • Nola egituratu EAB: egingarria al da?
  • Adinekoak sortzen ari den sektore gisa, erakunde gisa,
  • Berdintasunean, leialtasunean eta eskuzabaltasunean lan egitea: inposaketarik gabe.
  • Elkarteek proposamen honen aurrean dituzten erresistentziak haustea.
  • Egungo parte-hartzaile gehienak 75 urtetik gorakoak dira: non daude gainerakoak?
  • Militantzia jada ez da arau.
  • Taldeak gehitu egiten du, baina lan-taldeak biderkatu egiten du.
  • Beharrezko koordinazioa.
  • Besteentzat lan egiteak merezi du: Adinekoen konpromisoa gainerako belaunaldiei gizarte onurarako lanaren garrantzia erakusteko, eta, gainera, merezi duela.
  • Adinkeria
  • Elkarteen antolaketa, boluntarioak, militantzia.
  • Adinekoei eragiten dieten erantzukizunak hainbat administraziotan sakabanatuta egotea.
  • Talde eragilea, belaunaldien arteko taldea.
  • Manifestuak talde eragilearen inspirazio-iturri izan beharko luke.
  • Elkarte bakoitzaren ingurunea gainditzeko zailtasunak.
  • Kronograma, proposamen hori komunikabideei ere helarazteko, baina, hasteko, elkarteekin hitz egin behar da.
  • Prozesuan bat egitea: Adinekoek dena eman dute, dena ematen ari dira eta askoz gehiago eman dezakete.
Helduak Adi!
Compartir:
«

Utzi iruzkin bat