Bizitza aktiboa ala Bizitza betea Zahartzaroan?

Egun hauetan Helduak Adi! -k antolatutako uda ikastaroa gauzatzen ari da Miramar Jauregian.

Ikastaro irekiak dira, baina batez ere zahartzaroari bideratuak; izan ere, zahartzea funtsezko aldaketak izaten ari da. Adinekoen kolektiboaren konplexutasuna egunetik egunera areagotzen ari da; horrek, laster, nabarmen eraldatuko du zahartzaroari buruz dugun ikuskera.

Adinekook oso lotuta gaude gizarte-politikekin, gehiegi batzen gaituzte kalteberatasunaren, mendekotasunaren eta zaintzaren kontzeptuekin. Hori, beharbada, gure sektorearen %20an gertatuko da, baina %80a osasunez ondo gaude, eta hobeto prestatuta gaudenez, gehiago dakigu, memoria historikoa dugu, gure familien sostengua ere ba gara kasu askotan.

Hodeitzarrez beteta bizi garen une historiko honetan, zaila da etorkizuna ikustea, baina Helduak Adi!-tik indartsu ikusten dugu geure burua gaur arte defendatu dugun bizitza aktiboaren paradigma aldatzeko. Hori defendatzen genuen pentsatuz aktibitatetik eta dinamismotik bizitza hobea, osasungarriagoa iragartzen genuela, baina gaur egun bizitza beteaz hitz egiten ausartzen gara.

Eta bizitza aktibotik bizitza beteara aldatzea ez da ñabardura semantiko hutsa.

Urteetan zehar bizitzaren garapen propioa bete nahi dugu, pentsatuz gure bizitzako ziklorik aurreratuenean ere gure bizitza-proiektuan beste dimentsio batzuk deskubritu, jorratu eta txerta ditzakegula.

Bizirauteko bizi-premiak (fisiologikoak, osasuna, segurtasuna, babesa) bete ondoren, harremanetarako eta partaidetzarako gizarte-premiak sortzen dira. Eta ezin ditugu ahaztu behar premia afektiboak, ludikoak, artistikoak, ezagutza-beharrak, teknologia berriak… Azken finean, premia horiek guztiak gure bizitzei zentzua emateko helburura bideratu behar dira.

Zoriontsu izateko gaude mundu honetan, baita oinazean ere. Eta zorion horretara garamatzan formula, besteen alde zerbait egitea besterik ez da.

Urteei bizia eman behar diegu eta ez bizitzari urteak…

Helduak Adi!-tik saiatzen gara geure buruari laguntzen, geureei zentzua ematen, geratzen zaizkigun urteei bizitza emanez.

Adinekoak gero eta gehiago gara eta, zalantzarik gabe, gizartearen beharra dugu, baina ez dezagun ahaztu beharrezkoa zaigun gizarte horri ere ekarpen handia egin behar diogula.

Gaurtik aurrera ekin diezaiogun lan horri: har dezagun indarra guztiontzako gizarte hobea eta justuago baten alde ekarpenak egiten jarraitzeko.

Compartir:
«
Antonio Campos Illarramendi-ren azken mezuak! (dena ikusi)

Utzi iruzkin bat